OBB, laugarren 15 urtez azpiko Espainiako Txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 29a, 10:00

(OBB)

Harrobiko neskek irailaren 23tik 26ra bitartean jokatu zuten Espainiako Txapelketa, Bartzelonan. Amane Erkiziak irabazi zuen txapelketako bateatzaile onenaren saria.

Aurreko astean, irailaren 23tik 26ra bitartean, Bartzelonan izan ziren Orioko Bate Bizkorrak softbol taldeko gazteenak. Han jokatu zen, hain justu, 15 urtez azpiko Espainiako Txapelketa. Orioko klubaren esanetan, "talde handien harrobiekin egin zuten topo" oriotarrek, eta "maila altua ikusi zen eguneroko partidetan". OBB laugarren sailkatu zen.

Txapelketako aurreneko fasean hiru partida irabazi eta bi galdu zituen Oriok. Gerora finala jokatuko zuten bi taldeen aurka galdu zituzten norgehiagokak; alegia, Madrilgo Escuelas Municipales taldearen kontra (14-13) eta Iruñeko Izagaren kontra (13-12). Esan bezala, bi talde horiek izan ziren gero finalean, eta Izaga nagusitu zen.

OBB-k, ordea, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuen Madrilgo EMBS taldearen aurka. Igande goizean izan zen lehia hori, baina oriotarrek ez zuten hirugarren postua lortzerik izan, 8-9 galdu baitzuten. Hortaz, laugarren sailkatu ziren azkenean.

Klubak azaldu duenez, "zorte pixka bat falta izan zaielakoan daude neskak, baina oso joko ona erakutsi dute eta pozik etorri dira bizitako esperientziarekin". Horretaz gain, Amane Erkizia OBB-ko jokalariak irabazi zuen txapelketako bateatzaile onenaren saria.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide