Txurrumuskira batzeko deia egin dute aurten ere

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 26a, 12:00

Hitzordu bat jarri dute aisialdi taldean boluntario modura hasi nahi dutenentzat: datorren asteartean elkartuko dira Kosta tailerrean.

Ikasturte berriari heltzeko prest da Txurrumuski aisialdi taldea, eta aurten ere egin die deia Orioko gazteei: "Ziur gaude Txurrumuskik behin edo behin zure aisiaz gozatzen lagundu dizula, eta orain zure txanda izan daiteke gaurko haurrei eta gaztetxoei aisiaz gozatzeko aukera eskaintzeko".

Aisialdi taldeko kideek azaldu dutenez, "komunitatean jarduten eta eragiten" dute, "Oriori aisialdi euskaldun eta inklusiboa bizitzeko aukera eskainiz, haur eta gaztetxoekin herriko kaleak girotu eta alaituta". Txurrumuskin aritzea, gainera, "harreman berri eta ezberdinak sortzeko" aukera paregabea dela diote, "abentura, esperientzia eta ikaskuntza berrietan murgilduta".

Deialdi zehatz bat ere egin diete aisialdi taldean boluntario gisa hasi nahi dutenentzat (derrigorrezkoa da 16 urtetik gora izatea). Datorren asteartean, irailaren 28an, 19:30ean Kosta tailerrera bertaratzeko eskatu die. "Zuen zain egongo gara".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide