Aurrera doa Gipuzkoako Binakako Pilota Txapelketa

Dorleta Agiriano Lai

Oriotarrak etxetik kanpo aritu ziren atzokoan; partida bat irabazi zuten, eta beste bat galdu. Zumaian jokatuko dute gaur.

Gipuzkoako Ezker Hormako Binakako Pilota Txapelketako bigarren jardunaldia izan zuten atzo oriotarrek. Bi partida jokatu zituzten etxetik kanpo: Lizartzan izan zen eskuz binakako nagusien lehiaketako 1. mailako norgehiagoka, eta Elgoibarren gomazko paletako gizonezkoen lehiaketako 3. mailakoa.

Orbegozok eta Aranaldek ordezkatu zuten Orio eskuz binakako partidan, eta erraz nagusitu ziren Tolosaren kontra: 2 - 22 irabazi zuten. Gomazko paletan, berriz, Illarramendi eta Murua izan ziren Orioko taldeko ordezkariak. Lehia estua izan bazen ere, 25 - 20 galdu zuten.

Gaur Zumaian jardungo dute gomazko paletan oriotarrek, Zumaiaren aurka. Esoain eta Contreras oriotarrek jokatuko dute Gipuzkoako Ezker Hormako Binakako Pilota Txapelketako partida hori.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide