Azken urteotan, Aitor Rubio eta Kamel Ziani lan handia ari dira egiten herrian atletismoa indartzeko helburuarekin. Pixkanaka, herriko korrikalariak lasterketetan emaitza onak lortzen joan dira, eta gaur jakin denez, harrobian egindako lan horren beste fruitu bat jaso dute: taldeko hiru partaide Euskal Herriko selekziorako deitu dituzte. Zehazki, Ibai Agirrezabal, Sunahi Huegun eta Martin Iriondo izan dira hautatuak, eta 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatzeko deitu dituzte.
Agirrezabalek bi modalitatetan parte hartuko du: batetik, 100 metroko lasterketan, eta bestetik, 4x100 metroko erreleboetan. Huegun, berriz, 600 metroko lasterketan arituko da korrika. Iriondo, tamalez, ez da txapelketan izango, min hartuta dagoelako.
Urriaren 9 eta 10ean jokatuko da Espainiako Txapelketa Cuencan (Espainia), eta Kamel Ziani Atletismo Taldeko arduradunek azaldu dutenez, han egote hutsa gazteentzako "saria" izango da: "Izurritearen ondorioz, garai zailak bizitzea tokatu zaigu, baina halako berriek lanean jarraitzeko indarra ematen dute. Taldeko hiru korrikalari hautatu dituzte selekziorako, baina guztioi egin digu ilusio ikaragarria".