Aste honetan, Asier Sarasola tronpeta-joleak aurreneko kontzertua eman du Euskadiko Orkestrarekin. Astelehenean egin zuen debuta, orkestrak Euskalduna Jauregian emandako kontzertuan.
Azaldu duenez, baja bat ordezkatzetik suertatu zaio aukera. "Lau entsegu egin nituen orkestrarekin, eta astelehen arratsaldean eman genuen kontzertua Bilbon, goizean grabaketa batzuk egin eta gero", azaldu du pozarren.
Sarasolak iaz bukatu zituen tronpeta ikasketak Bartzelonan. Ezustean harrapatu du Euskadiko Orkestrarekin jotzeko aukerak: "Duela gutxi amaitu ditut instrumentuaren ikasketa akademikoak, eta ez nuen uste halako aukera bat hain azkar sortuko zitzaidanik. Egia esan, esperientzia ikaragarria izan da niretzat. Ez dakit aurrerantzean berriro deituko didaten edo ez, baina gauza bat argi dut: gogor jarraituko dut lanean, halako aukerak berriro suertatzeko aukerak izan ditzadan".