2021-2022 denboraldian murgildu da Orio Eragin eskubaloi elkartea, eta indartsu helduko dio sasoiari: oraingoan 150 jokalari inguru arituko dira Orioko kamiseta jantzita, eta zazpi talde federatu izango ditu klubak, iaz baino bat gehiago. Hiru talde osatu dituzte infantilen mailan (Seguros Bilbao Orio, Zudugarai Orio eta Boga Boga Orio), bi talde kadeteen mailan (Gelato Orio eta Sukia Orio), bat jubenilen mailan (Sinergia Orio) eta, berrikuntza modura, talde berri bat seniorren mailan (Mirotza Orio).
Ez dira horiek Eraginek eman dituen berri on bakarrak: Euskal Selekzioak deialdi berri bat argitaratu du, hainbat jokalari deituz entrenamendu batean parte hartzera. Hain justu, Espainiako Estatu mailan jokatuko den erkidegoen arteko txapelketarako prestatzen hasteko izango da saio hori. Orioko eskubaloi klubeko zortzi jokalari deitu dituzte Euskal Selekzioaren entrenamendu horretara joatera: Maialen Orbañanos jubenila, Brittney Coon, Eider Polo, June Dorronsoro, Marene Agirre eta Libe Arruabarrena kadeteak, eta Maren Gonzalez de Txabarri eta Daniela Bernedo infantilak.