Traineru denboraldia azkenetan da dagoeneko. Kontxako bi asteburuen ondoren, Eusko Label ligari amaiera emango diote traineruek asteburu honetan. Larunbatean Bermeon (18:50) jokatuko dira estropadak, eta igandean, berriz, Portugaleteko (12:30) eremu bihurrian.
Oriok Ohorezko Txandan hasiko du asteburua, eta, ondo bidean, bigarren jardunaldian ere hala arituko da. Momentu honetan, laugarren dira sailkapen orokorrean Jon Salsamendiren mutilak, 158 punturekin. Lau puntura dute hurrengo sailkatua, Donostiarra.
Denboraldiko lehen bandera irabazten saiatuko dira estropalari oriotarrak, oraindik ez baitute garaipenik lortu aurtengo Eusko Label ligan.