Olidenen idiek parte hartuko dute Errezilgo Kintopeko XXII. Sarian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 17a, 11:00

IƱaki Oliden, Aizarnazabalen.

Gaur hasiko dira sariketako idi demak Errezilen, eta bederatzi idi pare lehiatuko dira. Asteleheneko jardunaldian izango dira Olidenen idiak.

Errezilen iaz zen jokatzekoa Kintopeko XXII. Idi Dema Saria, baina pandemia zela-eta, bertan behera geratu zen. Aurten, ordea, hogeita bigarren edizioari heltzea erabaki du Gaztetandik kultur elkarteak: hiru jardunaldi izango dira Errezilgo probalekuan; hain justu, gaur, bihar eta astelehenean. 21:00etan hasiko dira saio guztiak.

Bederatzi idi parek hartuko dute parte aurtengo lehian, tartean, Orioko Iñaki Olidenen idiek. Asteleheneko jardunaldian izango da Oliden, Lopategirekin (Billela) eta Bixkiekin (Errezil) batera.

Gaurkoan, sariketari hasiera emateko, Intxaurburu (Hernani), Olatzar Eraikuntzak (Lezo) eta Mendipe (Billela) lehiatuko dira. Biharko idi deman, berriz, Basoarte (Billela), La Cruz (Gatika) eta Akuleti (Bermeo) arituko dira.

Saizar txapelketarako puntuagarria izango da Kintopeko XXII. Saria, eta bederatzi lehiakideek jasoko dute sariren bat. Aurreneko postua lortzen duenak mantak, garaikurra eta 1.300 euroko saria jasoko ditu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide