Udako oporraldiaren ostean, abian da berriz Salatxo Abesbatza. Joan den astelehenean izan zen ikasturteko lehenengo entsegua San Nikolas elizan; izatez Kosta tailerrean elkartzen dira abesbatzako kideak, baina pandemiaren harira ezarritako neurriak direla-eta, ezin dute lokala erabili. Hortaz, urte amaierara arte behintzat, elizan entseatuko dute.
Astean bi aldiz bilduko dira han, astelehenetan eta ostegunetan, 21:00etatik 22:30era.
Salatxok dei egin die "Orion eta Aian ugari diren kantuzaleei" saio horietan parte hartu dezaten, "inolako konpromisorik gabe". "COVID-19agatik sortutako babes-protokoloa ondo beteta, taldean kantatzeak dituen onurak asko dira, eta bereziki lagungarria da, bizitzen ari garen garai zail hauetan, bizipoz iturri gisa", esan dute abesbatzako kideek.