Asteazkenak albiste on bat laga du herriko eskubaloi zaleentzat: Orio Eragin Eskubaloia Klubak seniorren taldea ere izango du denboraldi honetatik aurrera. Hala jakinarazi dio KARKARAri Maria Azkuek, taldeko jokalariaz gain elkarteko zuzendaritzako kidea ere baden herritarrak. "Azken urteotan, maila guztietan lehiatu ahal izateko taldeak osatu ditugu, eta seniorretakoa falta zitzaigun. Zorionez, aurrerantzean ere izango dugu", azaldu du pozarren.
Hamahiru elkartek eman dute izena Mirotza Orio taldea lehiatuko den ligan. Bi itzuli izango ditu ligak, eta jardunaldi bakoitzean, talde batek atseden hartuko du. Urriaren 3an abiatuko dute denboraldia oriotarrek, Lezon.
Azkueren esanetan, elkartearentzat "balio handia" du seniorretan ere taldea osatu izanak: "Askotan zaila izaten da jubeniletatik seniorretarako urratsa ematean jokalari guztiek jarraitzea, eta bide hori erraztu egin nahi dugu. Orain, urteetan aurrera egin ahala, herrian eskubaloian jokatzen jarraitzeko aukera izango dute atzetik datozen gazteek".