OBBk irabazi egin ditu Capitalinosen aurkako bi partidak

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 15a, 12:39

Espainiako Ohorezko Mailako ligaren azken bigarren jardunaldia jokatu zuten bi taldeek Mendibeltzen.

Asteburuan, Orioko Bate Bizkorrak eta Kanariar Uharteetako (Espainia) Capitalinos taldeak bi partida jokatu zituzten elkarren aurka, ligaren azken bigarren jardunaldian.

Aurrenekoa oriotarrek irabazi zuten, 10-0 markagailuarekin. Laugarren sarreran erabaki zen partida. Aipatzekoak dira Maialen Pisonek eta Carla Novellak lortu zituzten hasierako puntuak.

Bigarren partidan, 6-0 izan zen oriotarren aldeko emaitza. Azkar lortu zituzten puntuak OBBko jokalariek, eta defentsan egindako lan onari esker, aurkariek ez zuten ezer egiterik izan.

Orioko taldeko ordezkariek azaldu dutenez, batearekin bikain moldatu ziren Raquel Ibañez eta Sara Loidi. Horrez gain, Maddi Orzaiz gazteak ere egin zuen debuta goi mailan. 

Datorren igandean, ligako azken jardunaldia jokatuko dute etxean, Cambre taldearen aurka.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide