Denboraldi berriari ekin diote Orioko pilotariek ere

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 13a, 16:30

(Utzitakoa)

Azaro erdialdera arte, ostiralero izango dira pilota federatuko partidak Orioko frontoian. Irailaren 20an hasiko dira, gainera, pilota eskolako ikasleen entrenamenduak.

Orioko pilotariek ere heldu diote denboraldi berriari. Ostiral honetan hasiko da Gipuzkoako Ezker Hormako Binakako Pilota Txapelketa, eta horixe izango da, hain zuzen, oriotarren aurreneko geralekua: parte hartuko dute eskuz binakako nagusien lehiaketako 1. mailan eta gomazko paletako gizonezkoen lehiaketako 3. mailan.

Etxean izango dituzte Gipuzkoako Ezker Hormako Binakako Pilota Txapelketako aurreneko partidak, ostiral honetan bertan, 19:00etan hasita. Eskuz binakako norgehiagoka izango da lehenengo, eta Bergararen aurka jokatuko du Oriok. Orgebozok eta Aranaldek ordezkatuko dute herriko taldea. Gomazko paletan, berriz, Azpeitiko Ilunpe 1 taldearen kontra arituko dira. Kasu horretan, Esoain eta Contreras izango dira Orioko taldeko ordezkariak.

Aste honetatik hasita azaro erdialdera arte, ostiralero jokatuko dituzte pilota federatuko partidak Orioko frontoian.

Bestalde, pilota eskolan irailaren 20an ekingo diete ikasleentzako entrenamendu saioei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide