Ikasturte honetan ere ibilaldi osasungarriak antolatu ditu eskualdean Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC). Iaz bezala, Orion astearte goizero egingo dituzte oinezko osteratxoak; Kaia kaleko 1. zenbakian (anbulatorio ondoan) bilduko dira partaideak, 10:00etan. Hurrengo asteartean, irailaren 14an, izango da ikasturteko lehenengo saioa.
Orion eta inguruetan ibiliko dira beti, eta txango bakoitzean 5 kilometro inguruko bidea egingo dute, ordu eta erdi inguru egiteko oinez. Doako saioak izango dira guztiak.
Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio arloak jarri zuen abian egitasmoa, Martxan izenpean. Helburua da "bizi-ohitura osasungarriak sustatzea", minbizia bezalako gaitzek jotzeko arriskua murrizteko. Izan ere, elkarteko kideek azaldu dutenez, "malgutasuna eta sasoi fisikoa hobetzen" laguntzen du oinez ibiltzeak. Taldean aritzea, gainera, "motibagarriagoa" dela uste dute.