Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren barruan, bost kontzertu antolatu dituzte Deba, Orio, Getaria eta Zumaia artean. Lehen emanaldia igandean izan zen, eta azkena urriaren 2an egingo dute, biak ala biak Deban. Gainerako hiru saioak, berriz, eskualdeko hiru udalerritan banatuko dituzte: Orion, Getarian eta Zumaian.
Orioko kontzertua irailaren 18an izango da, larunbatarekin. Aarón Ribasek Toccata Notturna eskainiko du San Nikolas elizan, 19:00etan hasita, sarrera librearekin. AFAGIren aldeko kontzertu solidarioa izango da.
Irailaren 11n, 20:30etik aurrera, Gerardo Rifón organo-jotzailea, Francisco Herrero biolinista eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa ariko dira zuzenean Getariako Salbatore elizan. Irailaren 29an, berriz, Pau Riurók tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu Zumaiako San Pedro parrokian. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta gonbidapenak eskuratu beharko dira aurrez bertaratzeko.