Orioko Udalak abian du Berdintasun Plana idazteko prozedura. "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko plana" izango litzateke esku artean daukana, eta asmoa da urte honetan idaztea bide-orri hori. "Berdintasun Plana neurri-sorta bat da, bermatzen duena emakumeek eta gizonek aukera berak dituztela alor guztietan", dio udalak.
"Plana osatzeko prozesua", baina, "neurri-sorta hori bezain inportantea" dela azaldu du. Bide horren lehenengo pauso modura, "herritarren bizipenak eta iritziak" bilduko ditu udalak. Galdetegi bat prestatu du horretarako, eta oriotarrei dei egin die galderak erantzutera. Modu anonimoan jasoko dira erantzunak, eta "konfidentzialtasun osoz" landuko dira, udalaren esanetan.
Besteak beste, berdintasunaren inguruko nozioari, "inguruan errotuta dauden egoera matxistei" nahiz "berdintasuna bermatzeko" neurriei buruzko galderak ageri dira inkestan. Lotura honetan erantzun daiteke galdetegia, eta irailaren 15era arte egongo da horretarako aukera.
Saio ireki bat, hilaren 16an
Inkestaz gain, gaia lantzeko saio ireki bat antolatu du udalak. Irailaren 16an izango da, 18:00etan, Arraunetxen. Helburua berdina izango da: oriotarren bizipenak eta iritziak ezagutzea.