TKEko Epaile Bakarrak bertan behera laga du Donostiarraren helegitea

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 14a, 09:44

Inpugnazioa aztertu ondoren, bertan behera uztea erabaki du TKEko Epaile Bakarrak, eta ez zaio zigorrik ezarriko Oriori.

Santurtziko estropadaren ondoren Donostiarra Kaiarriba Arraun Elkarteak egindako inpugnazioa aztertu, eta bertan behera laga du TKEko Epaile Bakarrak. Beraz, ez zaio zigorrik ezarriko Oriori. 

Izan ere, lehengo igandeko estropadaren harira, zalaparta izan da astean zehar. Traineruak lehian zirela, Oriori ez zion Hondarribiaren uberan sartzen utzi epaileak, tarte zabalarekin atzetik joan arren. Epailearen ontzia Hondarribiaren atzean jarri zen, Oriori istriborrerako bidea itxiz, eta horrez gain, banderatxo urdina atera zien oriotarrei. Epailearen jokaera hori zalantzagarria izan zen arraunzale askorentzat. Jardunaldiko aktan ez zuen epaileak Oriori ateratako banderatxoaren berri eman, eta Donostiarrak helegitea sartu zuen, banderatxoaren berri eman ez zela eta. Ez du aurrera egin kontuak, ordea, eta irabazitako puntu guztiak mantenduko ditu Oriok.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide