Kimua dantza kolektiboaren GenEroa ikuskizunak hartuko du Orioko Herriko Plaza datorren asteazkenean, abuztuak 18. 19:30ean hasita, ezartzen diren rolez ohartzeko parada eskaintzen du emanaldiak, ondoko galderen bitartez: Benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Eta ikuslea, ausartuko al da lehen dantza-pausoa ematera? Loturak puskatzera? Benetan aske izatera?
Dantza emanaldia izango da lehenbizi, eta mediazio parte hartzailea gero. Kolektiboko sei dantzariez gain, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak eta idazleak parte hartuko du ikuskizunean. Koreografiak interpretatuko dituzte, baina beste hainbat elementuk ere osatuko dute ikuskizuna: musikak, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off ahotsek trantsizioek eta hainbat baliabide materialek.
Ikuskizunaz gozatzeko, udalak aulkiak jarriko ditu Herriko Plazako kioskoaren azpian, distantziak-eta errespetatuta.