Asteburuan Galizian, Kantabrian eta Getarian izango dituzte estropadak OAEko mutilek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 6a, 09:00

Galizian egingo dute arraunean gizonezkoen liga nagusiko taldeek, eta KAE1 ligakoak, berriz, Astilleron eta Getarian arituko dira. Bi jardunaldi puntuagarri baino ez dira geratzen emakumezkoen liga nagusian, baina atseden hartuko dute asteburu honetan.

Aurrera doaz abuztuko traineru estropadak ere. Asteburu honetan Galiziara bidaiatuko dute Eusko Label ligako taldeek, eta tartean izango dira Orio Arraunketa Elkarteko mutilak ere. Larunbatean Rianxoko uretan jokatuko dute Barbanza Arousa bandera, 18:00etan hasita. Igandean, ordea, Boiron izango dute jardunaldia, 12:00etan. XXXI. Concello de Boiro bandera izango da jokoan.

Orio laugarrena da Eusko Label ligako sailkapen orokorrean, eta 86 puntu lortu ditu oraingoz. Aurreneko postuan dago Santurtzi (106 puntu), bigarrenean Hondarribia (101 puntu) eta hirugarrenean Zierbena (88 puntu), Oriok baino bi puntu gehiago pilatuta.

KAE1 ligako taldeak Astilleron (Kantabria) arituko dira larunbatean, 17:00etatik aurrera. Igandean, berriz, etxetik gertu egingo dute arraunean, Getarian: Getariako XII. Ikurrina jokatuko dute 11:30ean.

Orioko bigarren ontzia bederatzigarren sailkatua da KAE1 ligan, 4,89 punturekin. Getaria da lehenengoa oraingoz (11,11 puntu), Pedreña bigarrena (10,89 puntu) eta Kaiku hirugarrena (10,67 puntu). Jose Luis Korta oriotarrak aurreko astean hartu zuen Kaikuren gidaritza, entrenatzaile gisa.

Atsedena Euskotrenen

Emakumeen liga nagusian, ordea, atseden hartuko dute asteburu honetan. Bi jardunaldi puntuagarri besterik ez zaizkie geratzen Euskotreneko taldeei, eta Zarautzen jokatuko dira biak abuztuaren 14an eta 15ean.

Arraun Lagunak da liderra oraingoz, baina bi puntuko aldea baino ez dio ateratzen Oriori: 33 puntu dituzte lehenengoek, eta 31 oriotarrek. Euskotren ligan nagusitzeko, beraz, Arraun Lagunakek baino hiru puntu gehiago lortu beharko ditu OAEk Zarautzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide