Jose Luis Korta izango da Kaikuko entrenatzailea

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 29a, 15:00

(Kaiku)

Aurreko astean jakinarazi zuten Sestaoko klubeko talde teknikoaren parte izango zela Korta. Dena den, Miguel Angel Ruiz entrenatzailea kargutik kendu eta oriotarrari eman diote Kaikuko gidaritza.

Jose Luis Korta berriro izango da Kaikuko entrenatzailea. Sestaoko arraun elkarteak lehengo astean azaldu zuen oriotarrarengana jo zuela talde teknikoaren parte izan zedin eta Miguel Angel Ruiz entrenatzailearekin elkarlanean aritu zedin. Aste honetan, baina, bestelakoak dira albisteak: Ruiz kargutik kendu du Kaikuk, eta Korta izendatu du entrenatzaile.

Kaikuren kirol emaitzak direla-eta hartu du erabakia klubak, adierazi duenez. Une honetan, KAE1 ligako hirugarren postuan dago Sestaoko taldea, Getariaren eta Pedreñaren atzetik. 11,11 puntu ditu Getariak, 10,89 Pedreñak eta 10,67 Kaikuk.

Kortak 1976an hasi zuen ibilbidea Kaikun, eta entrenatzaile nahiz arraunlari aritu zen 1987ra bitartean. 2008an itzuli zen klubera, eta beste hamar urtez jardun zuen entrenatzaile lanetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide