Hondakinen bilketa sistema "indartu" dute Orioko hondartzan. Batetik, "ikusita joan-etorri handiko egunetan azkar egiten zutela gainezka", edukiontzi gehiago jarri dituzte hondartzako bi sarreretan. Aurrerantzean bi edukiontzi gehiago izango dira sarrera bakoitzean; alegia, bederatzi guztira. Ontzi arinak eta errefusa biltzeko hiruna edukiontzi egongo dira sarreretan, eta organikoa, papera eta beira jasotzeko bana.
Bestetik, eguraldi ona egiten duenean, sarriago jasoko dituzte hondakinak. Gaur-gaurkoz goizero husten dituzte ontziak, 11:00etan. Eguraldia ona baldin bada, ordea, bigarren bilketa bat ere egiten dute orain, 17:00etan.
Gipuzkoako Foru Aldundiarena da hondartzako eremuan hondakinen bilketa sistema kudeatzeko ardura, eta Orioko Udalaren esanetan, hark eskatu dio Aldundiari Orioko sistema "indartzea".