Uda honetarako ere zenbait zine proiekzio antolatu ditu Orioko Udalak. Hondartzan izan dira bi saio jada, baina horretaz gain, Gure Zirkuko karpan prestatu dituzte bi emanaldi berezi. Asteazken honetan, hilaren 28an, izango da karpako lehenengo proiekzioa, eta abuztuaren 11n bigarrena.
Aste honetan Agua para elefantes filma emango dute. Francis Lawrencek zuzendutako drama erromantikoa da, eta Reese Witherspoon eta Robert Pattinson aktoreek egin zituzten protagonista lanak. Zirkuko karpa batean izango da proiekzioa, eta hain zuzen, zirku batean kokatutako istorio bat kontatzen du filmak ere.
22:00etan hasiko da emanaldia, eta udalak jakinarazi duenez, gehienez 160 pertsonak bertaratu ahal izango dute. Sarrera doakoa da, baina ikusleek gonbidapen-txartela eduki beharko dute; turismo bulegoan (Piliku plaza) eskura daitezke tiketak, goizez nahiz arratsaldez.