Badok 13, gailurrera bigarrenez

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 23a, 09:00

Bi ontzi ditu Badok 13k. (Utzitakoa)

Jokatutako lehia guztiak irabazi ditu arraunlari beteranoen Zarauzko taldeak. Oriotarrez, zarauztarrez nahiz getariarrez osatuta daude Badok 13ren bi ontziak, eta Xarpas patroiaren ustez, konpromisoa eta lehiarako grina dira taldea definitzen duten oinarriak. Asteburu honetan jokatuko dute ligako azken jardunaldia, eta titular gisa arituko da Amaia Aramendi oriotarra; beteranoen artean liga irabaziko duen aurreneko emakumea izango da.

Inoiz ez da beranduegi pasio berri bat aurkitzeko. Eta, sarri, ez da sekula heltzen betiko pasioa baztertzeko unea. Lemak urte luzez urratutako eskuak, nahiz urratzen hasi berri diren eskuak. Horiek guztiek ematen diote bultzada Badok 13 arraun taldeari. Urte luzeetako esperientzia duten arraunlariak nahiz hasi berriak direnak aritzen dira besoz beso Zarauzko taldearen kamiseta jantzita, aurreneko ontzian batzuk, eta "ontzi gonbidatuan" (B ontzia) beste batzuk. Amaitzear da beteranoen aurtengo denboraldia, eta iazko sasoiak utzi zuen titular bera ekarri du aurtengoan ere Badok 13ren aurreneko traineruak: jokatutako lehia guztiak irabazi ditu.

Badira hamahiru urte traineru denboraldian beteranoek parte hartzen dutela, eta bederatzitan lehiatu da Badok 13. Azkeneko bi sasoietan irabazi du liga, 2019an eta aurten. Sorpresa itzela izan da haientzat. Juan Angel Garmendia Xarpas patroi oriotarrak azaldu duenez, pandemia zela-eta, iaz ez zen beteranoen lehiarik izan, eta "beldurra" ere nabaria izan zen. Hala, taldea utzi zuten zazpi arraunlari titularrek. "Aurten hiru kide berri batu dira, eta aurretik geundenekin batera taldea osatuta, maila ona lortu dugu azkenean. Baina denboraldi hasieran ez genuen uste hasieratik buruan izango ginenik". Martxoan "batere entrenatu gabe elkartu" ziren hamahiru kide, eta neguko Euskadiko Txapelketara aurkeztu ziren: "Orduan hasi ginen, zalantza askorekin, ez genekielako ligarik izango ote zen ere". Aurtengo martxa, dena den, ohikoa izan da, azkenean. Ohikoa, eta garaipenez jositakoa: liga irabazi du, baita Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere.

Gosez oraindik

Garmendiaren esanetan, talde "konprometitua eta lehiakorra" da Badok 13: "Adinean gora joan arren, lehiatzeko gosez daude taldekideak". Batez beste, 54 urteren bueltan dituzte.

Xarpas-ek dio gaur egun "lehia handia" dela beteranoen ligan: "Lehen ontzi bat edo bi nabarmentzen ziren, eta gainontzekoak oso atzean ibiltzen ziren. Urtetik urtera, ordea, gero eta arraunlari ohi gehiago hasi gara ligan, eta asko punta-puntakoak". Azpimarratu du, gainera, gero eta gehiago direla pauso hori ematera ausartzen diren arraunlari ohiak. Beteranoen arteko lehia "hobby modura" hasi bazen ere, gaur egun "garrantzia hartzen" ari dela uste du Garmendiak, eta gero eta handiagoak direla "konpromisoa" zein "seriotasuna".

Beteranoen kirola, orokorrean, osasuntsu dagoela iritzi dio Garmendiak. Eta ez soilik arraun munduan. "Goi mailan aritu direnentzat bat-batean kirola uztea ez da erraza, ezta osasuntsua ere, nire ustez. Kirola bizi osoan egin dutenek, nolabait aktibo mantendu behar dute gorputza. Bestela, alferrik galtzen dira", esan du.

Aurreneko emakumea

Badok 13 matematikoki ligako txapelduna baldin bada ere, asteburu honetakoa izango da denboraldiko azken jardunaldia. Kantabriako uretan ariko dira, Pontejosen. Amaia Aramendi oriotarra titularra izango da lehenengo ontzian, eta bera izango da beteranoen artean liga irabaziko duen aurreneko emakumea.

Asteburu honen ostean, sasoiari amaiera bikaina emango diote Badok 13ko kideek: prestatu dituzte ospakizunak jada. Hurrengo denboraldiari begira ere jarri dira dagoeneko, eta badute helburu bat gutxienez: azken urte eta erdian taldea utzi duten kideak itzultzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide