Kaikuko talde teknikoaren parte izango da Jose Luis Korta

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 22a, 17:15

Oriotarrak 2018an utzi zuen Kaiku, baina orain itzuliko da Sestaoko klubera: elkarlanean arituko da Miguel Angel Ruiz entrenatzailearekin.

Kaikura bueltatu da Jose Luis Korta. Sestaoko klubaren talde teknikoaren parte izango da oriotarra, eta gaur egungo entrenatzailearekin, Miguel Angel Ruizekin, "kolaboratuko" du. Kaikuk adierazi du "ekarpen handia" izango dela Kortak klubari buruz daukan "ezagutza", baita haren "esperientzia" ere.

Sestaoko taldea aurreko denboraldian jaitsi zen Eusko Label ligatik, eta helburu nagusitzat dauka sasoi honetan maila gorenera igotzea. KAE1 ligako laugarren sailkatua da une honetan, Getariaren, Pedreñaren eta San Pedroren atzetik.

Kortak 1976an hasi zuen ibilbidea Kaikun, eta bere eskutik etorri ziren Sestaoko klubaren urrezko bi aroak. Entrenatzaile nahiz arraunlari lanetan jardun zuen 1976tik 1987ra, eta ziklo horretan, Kontxako lau bandera eta Espainiako hiru txapelketa irabazi zituen Kaikuk. 2008an itzuli zen taldera oriotarra, eta entrenatzaile gisa aritu zen beste hamar urtez. Urrezko bigarren aroan, besteak beste, Kontxako bi bandera eta hiru Eusko Label liga irabazi zituzten.

2018an, dena den, kluba utzi eta San Juanen ekin zion lanari Kortak; urte eta erdiz izan zen hango teknikari nagusia. 72 urte ditu gaur egun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide