Eskualdeko farmazietan aste honetan jarri dira salgai COVID-19aren autodiagnostikoa egiteko testak. Azpeitiko Artetxe-Bastida botikako Mirari Bastidak azaldu duenez, azken egunotan herritar ugari hurreratu da farmazietara testak erostera edo informazioa eskatzera. Orioko Lasa farmaziako Ana Lasak ere gauza bera nabarmendu du: "Egia esan, test asko saldu ditugu aste honetan, bai".
Bastidaren hitzetan, lehengo asteburutik sumatu zuten mugimendua: "Guardian egotea tokatu zitzaigun asteburuan, eta jende mordoxkak deitu zuen informazio eske. Askok oporretara joan aurretik testa egiteko asmoarekin egin zuten kontsulta, eta beste batzuek, aldiz, prebentzioz".
Lasak azaldu duenez, errezetarik gabe eros daitezkeen bi test mota daude herritarren eskura: antigeno testak eta antigorputz testak. Horiei esker, norberak lagina hartzeko eta emaitza jakiteko aukera izango du, denbora tarte txikian, profesional baten laguntzarik gabe. "Antigeno testen lagina sudurretik hartu behar da. Antigorputz autotest serologikoan, berriz, odol lagin txiki bat behar da", argitu du Bastidak.
Protokoloen "beharra"
Oraindik positiboentzako protokolo zehatzik ez dagoen arren, Bastidak azaldu du autodiagnostikorako probetan positibo ematen dutenek Osakidetzara jo beharko dutela emaitza egiaztatzeko. "Ezinbestekoa da positiboen protokoloa zehaztea, eta testa egin eta positibo emanez gero, jendeak zer egin behar duen zehatz-mehatz jakitea. Autodiagnostikoa egiteko test gehienek %98 inguruko espezifikotasuna dute, baina beti dago akatserako tartea. Beraz, emaitza positiboa bada, garrantzitsua da osasun arloko arduradunekin harremanetan jartzea, PCR proba bat eginda egiaztatzeko", ohartarazi du.
Testek eztabaida dezente ere piztu dute, jendearengan segurtasun sentsazio faltsua eragin dezaketela iritzi diolako askok. Dena den, bi farmazialarien iritziz, ona da proba horiek farmazietara iritsi izana: "Europako herrialde batzuetan baliagarriak izan dira. Esaterako, jende ugariko taldeetan elkartu aurretik testa egin daiteke, hitzordura ziurtasun gehiagorekin joateko", argitu du Bastidak.
Ana Lasa: "Testak ondo erabiltzea izango da haien arrakastaren gakoa"
Europako herrialde batzuetan aspalditik egon dira salgai COVID-19aren autodiagnostikorako testak. Begi onez ikusi al duzu hemengo farmazietara ere iritsi izana?
Bai, tresna bat gehiago izango dira izurriaren kontrako borrokan. Jende askok ez du Osakidetzara deitzen kutsatuta dagoen edo ez zalantza egindakoan; buruko-min edo eztul pixka bat izatea koronabirusaren sintoma izan daitezke, baina sintoma arinen kasu askotan, ez da deia egiten. Kasu horietarako, egokiak izango dira farmazietan eskuragarri jarri ditugun frogak, zalantzak azkar argitzen lagundu dezaketelako.
Bi test mota ari zarete saltzen. Zerk bereizten ditu?
Test antigenoek birusa dagoen edo ez identifikatzeko balio dute, eta sintomak izanez gero fidagarriagoak dira, karga biral altua behar izaten dutelako birusa detektatu ahal izateko. Egokiena, froga sintomak dituen kutsatuaren lehen bost egunetan egitea litzateke.
Kasu asintomatiko eta aurre-sintomatikoak detektatzeko, aldiz, onena da PCR bat egitea.
Test serologikoek odolean antigorputzak dauden edo ez detektatzen dute. Alegia, txertoa hartu ez duen pertsona batek gaixotasuna pasatu duen edo ez.
Noiz erabili behar da bata, eta noiz bestea?
Momentuan kutsatuta gauden edo ez jakin nahi badugu, antigenoen testa egin behar dugu. Normalean, hori jakiteko helburuarekin erosten dira autodiagnostikorako frogak, eta logikoa den modura, horiek saldu dira gehien oraingoz. Izan ere, serologikoen informazioa antigorputzetara mugatzen da.
Fidagarriak al dira testak?
Ondo erabiliz gero, bai, eta hor egongo da haien arrakastaren gakoa. Jendeari ondo azaldu beharko zaio test hauen erabilera egokia zein den, eta zer kasuetan erabili behar diren edo ez.
Proba antigenoei dagokionez, oso ondo funtzionatzen dute sintomak dauden kasuetan. Dena den, gerta liteke gaur kutsatu batekin egon, bihar proba egin eta emaitza negatiboa izatea, eta handik hiru egunera positiboa, birusa inkubatzen ari zelako. Kontuz ibili behar da.
Zer prezio dute?
Antigenoen test batek 9,95 euro balio ditu. Test serologikoek 20 euroren bueltako prezioa dute.