Legealdi erdiaren balorazioa

Lourdes Salsamendi: “Aurreko legealdiko lanekin jarraituz, oriotarren ongizatearen alde lan egitea da gure lehentasuna”

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 17a, 11:00

Legealdi honetan, EAJ da oposizioko alderdirik bozkatuena da Orion. Lourdes Salsamendik du udalbatzarretan bozeramaile izatearen ardura, eta nabarmendu duenez, talde “berria eta kohesionatua” da haiena. Orain arte bezala jarraitu nahi dute lanean, udal gobernuari “oposizio eraginkorra” egiten.

Nola baloratzen du Orioko EAJk, orokorrean, udala osatzen duten alderdiek azken bi urteetan egindako lana?
Legealdi honek badu bereizgarri handi bat, eta hori aipatu gabe ezinezkoa da balorazio zuzen bat egitea; pandemiak gizartearen eta udalaren martxa aldatu du, goitik behera.

Halako osasun krisi batek erabat baldintzatzen du politika egiteko testuingurua, baina finean, gure helburua lehengo bera da: herriaren alde arduraz lan egitea. Gobernuan ala oposizioan egon, konpromiso handiarekin lan egiteko bokazioa erakutsi dugu beti.

Pandemiak muga-mugako egoerak bizitzera bultzatu ditu herritarrak, eta udalean oso konplikatuak izan diren erabakiak hartu dira. Horregatik, udal gobernutik hartu behar ziren erabakiei gure babesa eman diegu, elkarlana baita halako krisi bati aurre egiteko modu bakarra, estrategia politikoak alde batera utzita. Izurriaren kudeaketaren gaineko erabakietan, udaleko zinegotzi guztiok jarri dugu gure bihotzaren zati bat eguneroko lanean, eta barru-barrutik atera zaigu egindako guztia.

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiot herriari gure alderdiaren izenean, egindako lan guztiagatik. Pandemiarekin argi ikusi dugu Orio herri solidarioa dela.

Nola ikusten duzue EH Bildu gobernuan egiten ari den lana?

Udal gobernuaren lanaren balorazioa egin aurretik, gauza bat azaldu nahi dut. Aurreko legealdian egindako lanari esker, proiektu garrantzitsu batzuk indarrean den legealdian gauzatu dira: Herriko Plazako obra handia eta herri baratzeen proiektua, adibidez. Horiez gain, datozen bi urteetan egingo dute aurrera Anibarko Portuko gazteentzako apartamentuen eta Muntuko alokairu sozialeko etxebizitzen proiektuek, horiek ere aurreko legealdiko akordioei esker.

Lehen egindako lanaren fruituak orain ari gara jasotzen, eta hori azpimarragarria dela iruditzen zaigu. Horregatik, pena ere ematen digu EH Bilduk proiektu batzuetan albo batera utzi gaituela ikusteak. Mutiozabal ontziolarekin hori gertatu da, besteak beste. Alderdi guztien artean ontziolarako proiektu bat landu genuen aurreko urteetan, eta oraingo udal gobernuaren erabakiz, hura albo batean laga zen. Orain beste bat ari gara elkarrekin lantzen, baina ez zaigu justua iruditzen, lehengoaren oso antzekoa delako. Alegia, ez da kontuan hartu aurretik egindako lan guztia.

Udal gobernuak elkarbanatzen ditu gurekin gai potoloen gaineko erabakiak, eta orokorrean, batzordeetan ondo ari gara elkarlanean. Hala ere, badira mina eman diguten gauzak: prentsaren bidez izan genuen uztaileko eta abuztuko kultur programaren berri, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen.

Gizarte Zerbitzuetara bideratu den aurrekontua asko igo da azken urteetan. Zer lehentasun du gaiak EAJrentzat?
EAJk argi du gizarte zerbitzuen alorrak udaleko aurrekontuetan lehentasuna izan behar duela, eta bizitzen ari garen osasun krisia kontuan izanik, are gehiago.

Berdintasuna eta Gizarte Ongizatea batzordeko EAJko zinegotziak, Amaia Gozategik, hainbat proiektu proposatu ditu legealdi honetan, eta denen adostasuna lortuta aurrera egingo dute: Orion egingo da Euskadi Lagunkoiaren erreaktibazioa, bakardadearen eta heriotzaren gaineko lanketa batekin, eta“Zaintzaileen zaintza” izeneko proiektu bat ere ari dira lantzen batzordean.

Aurreko legealdian pobreziaren egoera aztertzeko azterlan bat egin zen herrian, eta horren harira, ongizate arlora bideratzen ziren partidak handitu egin behar zirela ikusi zen. Orioko jendarteak dituen beharrei egokitutako oinarrizko gizarte zerbitzuak definitzeko eta doitzeko beharra ikusi zen, eta horixe egin genuen. Teknikari berri bat eta idazkari baten kontratazioa egin ziren, aurreko legealdia bukatzerako.

Dike eremuko proiektua soka luzea duen gaia izan da udalean, eta azkenean onartu da. Zer iritzi duzu gauzatuko den proiektuaren gainean?
Azken bi urte hauetan, behin eta berriz eskatu dugu Dikerako proposatzen den antolamendua (eraikiko den guztia: etxebizitzak, espaloiak, errepideak…) legealdi berriaren batzordeetan eztabaidatzea, eta ez zaigu horretarako aukerarik eman.

Dikerako hitzarmena adostu zenean, akordioa negoziazio politikoaren bidez lortu zen. Han eraikiko den guztiaren antolamenduaren kasuan, lur-jabeek osatutako juntaren eta proiektua sustatuko duten enpresen iritzia bakarrik hartu da kontuan, eta ez zaigu ondo iruditzen.

Ez dugu zalantzarik antolamenduaren legezkotasunari buruz, eta badakigu prozesu burokratikoak ondo egin direla. Orain, gaiak zalantzak sortzen dizkigu: Nola lotuko dira Toki Alai eta Arozena eremuak, proposatzen den proiektuak Aita Lertxundi kaleari eragiten dion inpaktua kontuan izanik? Galdera hori ez digute erantzun.

Gure ustez, mahai gainean dagoen proposamenak kolokan jartzen ditu gure herriaren nortasuna eta izaera, eta iruditzen zaigu auzogune berria harresi moduko bat izan daitekeela, Aita Lertxundi kaleko bizilagunentzat. Horregatik guztiagatik eman genuen abstentzioaren aldeko botoa.

Orio asko ari da aldatzen azken urteetan, eta horrekin batera euskararen erabilera ere bai. Zer erronka izan beharko lituzke udalak hizkuntz politiken gainean?
Orio gero eta anitzagoa izatea ona da herriarentzat. Aniztasunaren onarpena eta herritar berriak modu abegikorrean integratzea erronka handia da, jakina. Orioren nortasuna mantentzearekin eta gure kulturaren eta hizkuntzaren ezagutza sustatzerekin batera bilatu behar da integrazio hori. Euskara giltza da, herrian bizitza proiektu duin bat gauzatzeko erabakia hartzen duten pertsonei eta familiei integratzen laguntzeko, eta hori lehenetsita egin behar da lan udalean.

Gizartean gero eta gehiago hitz egiten da klima larrialdiaz. Momentu honetan, gaiak tokirik ba al du udalean? Bestalde, Orio erriberan eraikita dagoen herria izanik, itsas mailak izan dezakeen igoera kontuan eduki al da hirigintza planetan?
Plan Orokorra orain ari gara lantzen udalean, eta dokumentuaren berrikusketan oso presente dagoen gaia da itsas mailaren igoerarena, hala nola urbanizazioetako kotak zehazterakoan edo hondartza eta herria babesteko neurriak edo eraikuntza berrien ezaugarriak zehazterakoan.

Gaiari lotuta, Motondo eta Oribarazar berreskuratzeko partidak jasoko ditugu Madrildik, eta hori albiste oso ona da herriarentzat. Oribarzarko laguntza ia 2 milioi eurokoa da, eta azkeneko urtetan Orioko EAJk eta gure Madrilen dauden ordezkariak egindako lanari esker lortu da, hondartza eta inguru guztia berreskuratzeko.

Bukatzeko, zer momentutan dago orain Orioko EAJ? Zer helburu dituzue hurrengo legealdiari begira?
Alderdiko zinegotzien artean, aurretik ardura politikoak izan dituen bakarra naiz, eta gure taldea berria da, freskoa, eta ilusioz betetakoa. Bi urte hauek esperientzia polita izan dira guretzat, eta lanean jarraitzeko gogotsu gaude. Taldea oso kohesionatuta ikusten dut, eta asko ari gara ikasten elkarrekin.

Oraingoz, egunez egun lanean jarraitzea da gure helburu nagusia, oposizioan sarritan lan hori isilpean egiten den arren. Hasiera-hasieratik, udal gobernuaren esku jarri ditugu gure baliabideak prestutasun osoarekin, eta sinesten dugu elkarlana dela udaleko proiektuak aurrera ateratzeko giltza.

Gure programan genituen proposamenak aurrera ateratzeko lanean jarraituko dugu: Antxiolako irisgarritasunean, Abaromendiko kirol gunean eta Ortzaikako aisialdi gunean, besteak bestek, eta aurreko legegintzalditik onartuta dagoen parke estalia gauzatzen saiatuko gara.

Orain arte bezala, oposizio eraginkorra egiten jarraituko dugu, ados gauden gauzekin bat eginez, eta kontrako kasuan, gure iritzia modu eraikitzailean aurkeztuz. Errespetu handiarekin beti, oriotarren onura lehenetsiz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide