"Emozioz betetakoa" izan da 'Apostolu horiak' dokumentalaren estreinaldia

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 9a, 17:57

Filmean parte hartu duten estropalari eta arraunzale ugari juntatu zen atzo Arraunetxen egindako proiekzioan. Josu Esnaola Orio AEko presidenteak azaldu duenez, "negar malkoren bat" ere izan zen tartean.

Atzo, ostegunarekin, estreinatu zuten Arraunetxen 'Apostolu horiak' dokumentala. Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek egin du Orio Arraunketa Elkartearekin elkarlanean. Josu Esnaola elkarteko presidentearen hitzetan, ikus-entzunezko lanak Orion emakumezkoek egindako arraun ibilbidea biltzen du; 80ko hamarkadan aulki mugikorrean hasi zirenetik 2019an Kontxako bandera irabazteraino.

Presidentearen esanetan, "primerakoa" izan zen atzoko estreinako proiekzioa: "Bagenuen dokumentala jendearen gustukoa izango zenaren esperantza, eta atzo argi geratu zen hori. Filmak ondo jasotzen ditu emakumeen arraunak Orion izandako fase eta garai desberdinak, baina batez ere, azken hamar urteetan traineruarekin egindako ibilbidean zentratzen da", eman du jakitera.

Hala, dokumentatuta geratu dira bidean izandako momentu txarrak eta onak, eta horiek gogoratzeko aukera izan zuten atzo aretoan elkartutako estropalariek. "Negar malko batzuk ere izan ziren tartean, irudien bitartez iraganeko bizipenak gogora ekarri eta gero".

Esnaolak esker oneko izan ditu dokumentala egin duten ikasleentzat. "Atzo ez zuten Orion egoteko aukerarik izan", penatu da. Atzoko arrakastaren ondoren, datozen hilabeteetan beste proiekzioren bat egiteko aukera aztertzen ari dira arraun elkartean.

 

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide