Larunbatean espero baino emaitza kaskarragoa izan bazuen ere, igandean estropadari buelta ematea lortu zuen Orioko emakumezkoen txalupak, eta banderarekin itzuli zen Galiziatik. Xanti Zabaleta taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, «oso gustura» daude emaitzarekin. «Ostiralean ezjakintasun handiarekin joan ginen Galiziara. Bidaia ona izan eta gero, larunbatean jokatu genuen lehen estropada. Gure maila eman genuen lehen jardunaldi horretan, baina sentipen gazi-gozoarekin geratu ginen, hirugarren postuan sailkatu ostean», azaldu du.
Igandeko jardunaldia, ordea, bestelakoa izan zen. «Hasiera batean, bandera lortzeko esperantza gutxirekin atera ginen. Txanda irabaztea genuen helburutzat, eta gure onena ematera atera ginen uretara, ligako sailkapenean puntuak ez galtzeko. Txanda irabaztearekin batera, ordea, bandera ekarri dugu etxera, eta, azkenean, asteburua borobil atera zaigu», aitortu du.
Dena dela, Zabaletak argi du estropadaz estropada joan behar dutela. «Denboraldia oso luzea izango da, eta ikusten da oso lehiakorra izango dela, gainera. Gaur irribarretsu gauden bezala, jakin beharko dugu emaitza kaskarrei aurre egiten eta buelta ematen».
Ligako lehen bandera irabazteaz gain, Zabaleta gustura dago aurtengoan harrobiko hainbat arraunlari gaztek debuta egin dutelako taldean: «Saiatzen gara esperientzia eta gaztetasuna talde berean uztartzen. Izan ere, proiektuari jarraikortasuna emateko ezinbestekoa da harrobia formatzea eta arraunlari gazteei aukerak ematea».