Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena asteburuko herriz herriko datuekin, eta horren arabera, ostiralaz geroztik hiru positibo detektatu dituzte Orion. Hori dela eta, herria eremu horian kokatu da tasa 81,54 igo eta gero. Aiari dagokionez, ez da kasu positiborik izan.
Eskualdean denera 44 positibo zenbatu dituzte. Aurreko asteburuan baino bi kasu gehiago dira, eta duela bi asteburu baino 33 kasu gehiago. Azpeitian zenbatu dituzte azken hiru egunetan positibo gehien: hamalau, guztira –zazpi ostiralean, bost larunbatean eta bi atzo–. 262,81eko intzidentzia tasa dute han. Zumaiak, berriz, eremu gorrian jarraitzen du eta azken egunetan atzemandako hamahiru positiboek –lau ostiralean, sei larunbatean eta hiru atzo– intzidentzia tasak gora egitea ekarri du. Zumaiako kasu metatuen zenbatekoa 620,74koa da gaur-gaurkoz.
Zarautzen, bestalde, zazpi positibo baieztatu ditu Osasun Sailak –bost ostiralean eta bi atzo–, eta 167,05eko intzidentzia dute egun han. Azkoitian eta Zestoan, ostera, hiruna positibo detektatu dituzte. Azkoitian bi positibo zenbatu zituzten larunbatean eta bat atzo. Eremu berdean dagoen eskualdeko herria bakarra da Azkoitia, 33,38ko tasarekin. Zestoa ere eremu horian sartu da 128,40ko tasarekin. Eskualdeko beste positiboa Aizarnazabalen zenbatu dute, eta 130,04ko zenbatekoarekin eremu horian sartu du Osasun Sailak herria. Halaber, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez dute kasu bakar bat ere hauteman, eta zeroan dute herriko intzidentzia tasa.
Positibotasun tasa, kopuru altuetan
Hego Euskal Herrian, guztira, 874 positibo zenbatu zituzten atzo, igandea. Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 5.305 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 367 positibo hauteman zituzten; positibotasun tasa %6,9koa da egun hiru lurralde horietan. Lurraldeka aztertuta, 178 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 146 Gipuzkoan eta 34 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi lagunek ere positibo eman zuten. Nafarroako Gobernuak, aldiz, 1.846 pertsonari egin zien proba atzoko egunean zehar, eta 507 positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasa kopuru altuetan dago Nafarroan, beraz; izan ere, %27,5ekoa zen atzo. Baheketa masibo batek eragin zuzena izan lezake datu horietan.
Ospitaleratzeei dagokionean, hobera egiten jarraitzen du egoerak: 50 lagun daude COVID-19agatik ospitaleratuta egun –joan den astelehenean baino 35 gutxiago–, eta bederatzi ospitaleratze berri izan ziren atzo. ZIUetan, berriz, 36 pertsona daude, duela astebete baino bat gehiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako oinarrizko birsokuntza tasa edo R0 indizea 1,51koa da egun, eta intzidentzia tasa 168,52koa. Asteazkenean, Labik bilera egingo du, eta ikusi beharko da zer neurri hartuko dituen; izan ere, neurriak leuntzeko erabakia hartu zuen intzidentzia tasa 150 baino baxuagoa zelako.