Aurtengo udarako ere, kultur agenda indartsua antolatu du Udaleko Kultura batzordeak. Bigarren urtez, ez da San Pedro Jairik ospatzeko aukerarik izan herrian, izurritearen eraginez, eta jaietarako gordetzen den aurrekontua kultur ekitaldi sorta antolatzeko erabili du, "eskaintza zabal eta erakargarria" osatzeko; gainera, ekitaldi guztiak "seguruak" izango direla nabarmendu du kultura batzordea, hau da, COVID-19aren aurkako protokolo eta segurtasun neurri guztiak zorrotz beteko dituzte.
Uztailaren 9rako antolatu dute udako kultur agendako lehen ekitaldia: Eñaut Elorrietaren kantaldia. Gaur arratsaldetik aurrera sarrerak erosteko aukera izango dute herritarrek, kultur etxean. Bestalde, kultura batzordeko arduradunek nabarmendu dute udan zehar egingo diren gainerako ekitaldi guztiak doakoak izango direla. Asko plazan izango dira, Orioko Udalak bizitza eman nahi diolako "herriak irabazi zuen espazio ireki berriari".
Euskara eta euskal kultura indartzea xede
Iaz bezala, aurtengo udan ere "euskal kultura indartzeko eta erakusteko" baliatu nahi du Udalak udako kultur programazioa. "Aurten ere, Gure Zirkua izango dugu futbol-zelaiaren ondoko gunean, Udalarekin hala adostuta. Uztailaren 15etik aurrera izango da Gure Zirkua Orion eta pentsatzekoa da aurten ere Euskal Herri osoko jendea erakarriko duela horrek gure herrira, zirkua euskaraz gozatzera.
UDAKO KULTUR AGENDA
Uztailak 9, ostirala
- 19:00. Eñaut Elorrietaren kantaldia kiroldegian. 10 euro.
Uztailak 10, larunbata
- 22:00. Zinea hondartzan: Lur eta Amets filma.
Uztailak 15etik aurrera
- Gure Zirkua, futbol-zelaiaren ondoko gunean
Uztailak 24, larunbata
- 22:00 .Zinea hondartzan: Si yo fuera rico filma
Uztailak 28, asteazkena
- 22:00. Zinea zirkuko karpan. Oraindik zehaztu gabeko filma, zirkuari buruzkoa
Uztailak 30, ostirala
- 20:00. Bulego taldearen kontzertua plazan.
Abuztuak 7, larunbata
- 22:00. Zinea hondartzan: Jumanji The Next Level filma.
Abuztuak 11, asteazkena
- 22:00. Zinea zirkuko karpan. Oraindik zehaztu gabeko filma, zirkuari buruzkoa.
Abuztuak 13, ostirala
- 20:00. Strapalucio txaranga plazan
Abuztuak 18, asteazkena
- 19:30. Kimua dantza-kolektiboaren saioa plazan.
Abuztuak 20, ostirala
- 22:00. Zinea hondartzan: Bihurri, jauretxetik kale gorrira filma
Abuztuak 21, larunbata
- 20:00. Kalakan taldearen kontzertua plazan.
Abuztuak 28, larunbata
- 20:00. Kilimak taldea plazan.