Orion positibo bakarra izan da asteburuan, eta Aian bat bera ere ez

Amaia Urbietea Arruti 2021ko eka. 28a, 13:22

51,40 da tasa Orion gaur gaurkoz, eta Aian hutsa. Eskualdean 42 kasu positibo izan dira ostiraletik igandera bitartean egindako frogetan, horietatik 29 Zumaian. Mallorcako (Herrialde Katalanak) agerraldiarekin lotura dute kasu horiek guztiek.

 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, positibotasun tasa %3aren bueltan ibili da asteburuko egunetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Urola Kosta, dena den, salbuespena izan da, hiru egunetan 42 kasu atzeman baitituzte (aurreko asteburuan denera 11 kasu zenbatu ziren eskualdean). Horietatik guztietatik, Orion kasu bakarra izan da, eta herria eremu berdean dago 51,40 tasarekin. Aian, aldiz, ez da kasurik izan, eta hutsean dute tasa.

Zumaian dago fokua ipinita egunotan, herri horretan 29 kasu atzeman dituztelako asteburuan (21 ostiralean, eta zortzi atzo). Kasuen igoera horrek Mallorcan (Herrialde Katalanak) izandako agerraldiarekin zerikusia du, 60 zumaiar gazte inguru izan baitziren bertan, eta Eusko Jaurlaritzak PCRa egitera deitu zituen asteburuan ikasturte amaierako bidaian uharte horretan izan zirenak. Ondorioz, asko igo da intzidentzia tasaren adierazlea Zumaian (457,92), eta eremu gorrian sartu da herria. Hain zuzen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eremu gorrian dagoen herri bakarra da Zumaia; gainontzeko udalerri guztiak eremu horian edo berdean daude. 

Eskualdeko gainontzeko herriek ere eremu hori nahiz berdeetan egoten jarraitzen dute. Gainontzeko kasuak Azpeitian (4), Orion (1), Zarautzen (6) eta Zestoan (1) zenbatu dituzte. Gaur-gaurkoz, 223,39 da Azpeitiko intzidentzia tasa, 97,85ekoa Orion, 51,40koa Zarautzen eta 25,68koa Zestoan. Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez dute kasu positibo berririk hauteman asteburu osoan, eta Azkoitian izan ezik, hutsean dago intzidentzia tasa herri horietan. Azkoitia eremu berdean dago, 41,73ko tasarekin.

Hego Euskal Herriko datuak

Datu orokorragoei erreparatuta, atzokoan 5.547 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 171k eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %2,9koa da intzidentzia tasa, eta Nafarroan, berriz, %4koa.

Ospitaleratzeei dagokionean, hobera egiten jarraitzen du egoerak: 48 lagun daude COVID-19agatik ospitaleratuta egun, eta 11 ospitaleratze berri izan ziren atzo. ZIUetan, berriz, 35 pertsona daude, duela astebete baino hamar gutxiago.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide