Orioko Udalak jakinarazi duenez, herritar askok ohitura du herriko mugen barruan autoz mugitzeko batetik bestera, edozein enkargu egiteko, lagunengana jotzeko edo hondartzara joateko, besteak beste. "Batzuk mugikortasun-arazoak dituztelako egiten dute horrela, eta ondo dago; baina beste askok, ordea, besterik gabe horrela ohitu direlako. Dena dela, herriak tamaina egokia du batetik bestera oinez edo bizikletaz mugitzeko, eta Udalak hori bultzatu nahi du, irtenbiderik ekologikoena eta osasungarriena delako", adierazi dute Orioko Udaleko ordezkariek. Beraz, herritarrei oinez edo bizikletaz mugitzeko eskatu die. "Herriko Plazan eta inguruan egin ditugun aldaketek erakusten dutenez, ahalegina egiten ari gara herria oinezkoentzat erosoagoa eta ibilgarriagoa bihurtzeko, eta aurrerantzean ere bide horretan sakontzeko asmoa dugu", azaldu dute.
Hondartzara ere oinez edo bizikletaz
Iaz herritar askok ohitura hartu zuen hondartzara autoz joateko, kabinetako kontsignak itxita zeudelako eta, autoa han edukiz gero, beren gauzak uzteko erabili zezaketelako. Aurten, ordea, kontsignak irekita daudela eta edozein herritarrek erabili ditzakeela gogoratu du udalak. "Ez dago, beraz, aitzakiarik hondartzara oinez edo bizikletaz ez joateko".