Iritzia: Olatu artifizialik ez Donostian!

Unai Aizpurua, Andoni Fernandez Ostolaza, Aurora Makazaga eta IƱigo Urdinaga 2021ko eka. 22a, 09:52

Ekaineko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Akuilua hartuta' atalean.

Donostiako Udalak olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko asmoa du Martutene auzoko Atondegi gainan, itsasotik lau kilometro eskasera. Instalazioak ondorio kaltegarriak izango lituzke bai ingurumenarentzat bai Gipuzkoako surflarientzat, eta zazpi elkarte naturzalek eta hainbat surflarik Antondegi Berdea – Olatuak Itsasoan kolektiboa sortu dute proiektua geldiarazteko. 

Arrazoi ugari eta sendoak eman dituzte (www.antondegiberdea.eus), baina labur esanda: proiektu honek ez dio surf komunitatearen eskaera bati erantzuten, enpresa batek sustatzen du eta enpresak badauka antzeko azpiegitura bat Aizarnazabalen. 

Antondegi Donostiako gerriko berdean dago. Azeriak, azkonarrak, ginetak, katagorriak eta gardulak dabiltza bertan, eta 109 hegazti-espezie, hala nola galzorian dagoen miru gorria. Han sei futbol zelairen tamainako instalazio bat eraikitzea, harako bidean beste bi hektarea porlan sartzea, autoen joan-etorria eta abar, ingurune osoa hondatzea litzateke.

Instalazio hauek sarrera garestia dute, eta surfaren artifizializazioa sustatzen dute, surfak naturarekin daukan lotura eta surfaren balioak eta kultura desitxuratuz. Gainera, bertan surf egiten ikastea errazagoa denez, surflarien masifikazioa areagotzen dute gertuko hondartzetan. Guztiok dugu surf egiteko eskubidea, noski, baina mugatuak dira hondartzak, eta nahikoa arazoekin bagabiltza lehendik ere. Zer sartu nahi gaituzte, “igeriluak egin / surflari gehiago sortu / igerileku gehiago egin” sorgin-gurpil ero batean? 

Bestalde, esan dezagun argi: itsasoaren aldamenean olatu artifizialak sortzea zentzugabea da erabat. Are gehiago klima larrialdi eta trantsizio energetiko garaiotan.

Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalari eskatzen diogu, mesedez, olatu artifizialik ez egiteko Donostian. Eta garaiz gabiltza! Donibane Lohizunerako aurreikusita zegoen enpresa beraren antzeko proiektu bat geldiaraztea lortu dute duela gutxi, eta aurretik Katalunian eta Malagan ere geldiarazi zituzten.

Horregatik, mesedez,  Orioko eta Aiako herritar guztiei eskatu nahi dizuegu proiektu hau gelditzearen alde sinatzea. Mesedez sinatu hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide