Igandean, ekainaren 13an, Gipuzkoa mailako atletismo txapelketa garrantzitsua izan zen Donostian, Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolatuta. 16 urtez azpikoak, 18 urtez azpikoak, 20 urtez azpikoak eta masterrak lehiatu ziren. Han izan zen Orioko Kamel Ziani atletismo taldea ere, eta ez zen esku-hutsik itzuli etxera, inondik inora ere: urrezko hiru domina eta brontzezko bat eskuratu zituzten oriotarrek, hain zuzen, Ibai Agirrezabalek, Sunahi Huegun Arrutik, Martin Iriondo Lizasok eta Kamel Ziani Huasisik.
16 urtez azpikoen artean, 100 metroko proban nagusitu zen Agirrezabal; hurrenez hurren, Ostadarreko Alex Alkainek eta Haurtzaroko Manex Irigoienek egin zuten bigarren eta hirugarren lehia horretan. Huegunen kasuan, 16 urtez azpikoen artean, 600 metroko proban sailkatu zen lehenengo, Rec Valdizarbe-GANA taldeko Adrian Martinezen eta Txindokiko Eneko Oliveiraren aurretik. Iriondo, aldiz, 3.000 metroko proban izan zen garaile 16 urtez azpikoen artean. Atletico San Sebastian taldeko Sergio Romanek eta Orioko taldeko Kamel Zianik lortu zituzten bigarren eta hirugarren postuak proba horretan, hurrenez hurren.
08:50 denbora eginda, Espainiako Estatu mailako urteko markarik onena lortu zuen Iriondok.