Gaur hasiko da uda denboraldia hondartzetan. Bigarren urtez, COVID-19aren eraginez hartutako neurriek baldintzatutako denboraldia izango da. Gipuzkoako kostako gainerako hondartzetan bezala, edukiera kontrolatuko dute aurten ere Orioko Antilla hondartzan, eta iaz hartutako irizpide nagusiak mantenduko dituzte oro har.
Aldundiak bideokameren bidez kontrolatuko ditu hondartzetako eremuak, eta edukiera mugatuta egongo denez, NikHondartzak aplikazioaren bidez zehaztuko dute, unean-unean, zein den hondartza bakoitzeko betetze maila. Aplikazioa martxan dago jada. Eskualdeko udalek, aldundiak hartutako neurriez gain, hondartza bakoitzeko arauak gogorarazi dituzte.
Aldundiaren neurriez gain, Orion izango diren arauen berri eman du jada udalak. Txurrukako hondartza itxita egongo da irailaren 15era arte, iaz bezala. Antilla hondartzako okupazio maila, NikHondartzak aplikazioan eta Abaromendiko biribilgunean ezarriko duten semaforoan kontsultatu ahal izango da.
Hondartzaren bi aldeak izango dira sarrera-irteerak, eta erdigunea hesitu egingo dute. Hondartzaren eskuinaldeko dutxen eta komunen kabinak zabaldu egingo dituzte aurtengoan, iaz ez bezala. Gainera, erabiltzaileek bertan utzi ahal izango dituzte udan aulkiak edota surfeko oholak.