«Gaixo eta senideekiko arreta indartzeko eta minbiziak jotako biztanle gehiagorengana iristeko» helburuarekin, bazkideak erakartzeko kanpaina berria jarri du martxan AECC Gipuzkoaren (Minbiziaren Aurkako Elkartea) Urola Kostako Batzarrak. Kanpaina horren barruan, hitzaldiz zein bestelako ekitaldiz betetako astea antolatu du elkarteak. Gehienak Zarautzen eta Azpeitian egin dituzte, baina gaur azoka eguna zela aprobetxatuz, postua jarri dute Orion. Hala, elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi du kanpaina honen bitartez AECCk Urola Kostako "pertsona gehiagorengana iritsi" nahi dutela, beren "arreta berritu eta zerbitzu gehiago eskaintzeko».
Zarautzen dauka eskualdeko egoitza bakarra momentuz AECCk, eta jakitera eman duenez, minbiziak kaltetutako 92 pertsona artatu zituzten bertan 2020an. Urte horretan, denera, 283 saio psikologiko eta 433 esku-hartze edota kudeaketa egin zituzten.