'Osaba Joxeren sotoko kutxan' liburua plazaratuko du Marisa Arruabarrenak

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 10a, 11:00

Marisa Arruabarrena, 'Ezkutuan dagoena' liburuaren aurkezpenean.

Larunbatetik aurrera egongo da eskuragai Arruabarrenaren lan berria. Egileak aspaldian idatzitako kontakizunak biltzen ditu gaztetxoei zuzendutako liburuak.

Udazkenean Ezkutuan dagoena poema liburua plazaratu eta gero, Marisa Arruabarrenak lan berria emango du argitara asteburu honetan: Osaba Joxeren sotoko kutxan. Ziburuko bigarren liburu azoka egingo da larunbatean, eta han jarriko dute salgai estreinakoz. Egileak adierazi duenez, Internet bidez eskuratzeko aukera ere izango da, eta aurrerago liburu dendetan ere bai.

Aspaldian, "unibertsitate garaian" idazten hasitako kontakizunak bildu ditu liburuan Arruabarrenak. Zarauzko Dakit argitaletxearekin argitaratuko du lana, haien proposamena onartu eta gero: "Poema liburuaren harira KARKARAk egindako elkarrizketa irakurri zuen Sabin Oregi editoreak, eta han azaldu nuen banuela aspaldian idatzitako istorio sorta bat. Bidaltzeko eskatu zidan, eta irakurri ondoren, argitaratzeko proposamena jaso nuen bere eskutik. Gaztetxoentzat egokia iruditu zaio.

Egileren hitzetan, testuei ez die moldaketarik egin argitalpen berria osatzeko, eta kapitulu berri bat idatzi du, azkena, itxiera modura. Kontakizunak "oso oriotarrak" direla ere gehitu du.

Hemen klik eginda eskuratu daiteke liburuari buruzko informazio gehiago.

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide