Orioko Udalak jakitera eman duenez, martxan jarraitzen du herriko aparkalekuen gaineko lanketak. Besteak beste, udal ordezkariek hainbat bilera egin dituzte herritarrekin, gaia aztertzeko eta elkarrekin konponbideak bilatzeko helburuarekin. Horren harira, auzo batzuetan dagoeneko egin dira aldaketa batzuk.
Anibarko Portuan, kasu, udalak erabaki du auzoko aparkalekuak oriotarrentzat izango direla –auzokoez gain, herritar guztientzat—, eta kanpotik datozen ibilgailuek ezingo dituzte erabili. Horren adierazle, datozen egunotan lurreko seinaleak margotuko dituzte. Dena den, auzoan egongo dira aparkaleku libre batzuk: ekialdeko muturrekoak, hain zuzen ere, saskibaloi eta futboleko pistaren aldamenean daudenak.
Estropalari kaleko aparkalekuak ere oriotarrentzat izango dira aurrerantzean, eta udalak aldatu egin ditu hori adierazten duten lurreko seinaleak, kalea asfaltatu berritan.
Bidegorria hondartzaraino
Hondartza-bideko errepidea konpontzeko asmoa du udalak irailetik aurrea, egoera txarrean dagoela iritzita. Aldi berean, herriguneko biribilgunetik autopista azpiraino iritsiko den bidegorria ere egingo dute, eta horrek eragina izango du aparkalekuetan.
Lehengo astean adierazi zuten modura, autokarabana-guneak ere prestatu dituzte, eta seinaleak jarriko dira hondartzako, Abaromendiko, Anibarko Portuko eta futbol-zelaiaren ondoko parkingetan, autokarabanak —eta 6 metrotik gorako ibilgailuak— toki horietan aparkatzea galarazita dagoela gogorarazteko. Abaromendin jarri dute dagoeneko galiboa, 2,2 metrotik gorako ibilgailurik ez sartzeko.
Motoei dagokionean ere badira berritasunak, horiek aparkatzeko hiru gune berri jarri baitira Abaromendin, Goiko Kalean eta Anibarko Portuan. Motoak espaloian aparkatzea debekatuta dagoela gogorarazi du udalak argitara emandako oharrean.
Aurrera begira, gaia lantzen jarraitzeko borondatea agertu dute, "oriotarren ongizatea lehentasuna izanda". TAO eremuen nahiz TAO makinen eta aparkatzeko erlojuen erabilera aztertu nahi dute.