Haur eskolako laguntxo batek positibo eman zuela-eta, alabaren ikasgela itxi zuten apiril amaiera aldera. Ikasturtearen zatirik handiena ustekaberik gabe pasatu eta gero, laugarren olatuaren zipriztinek busti egin gintuzten, eta osasun jarraibideei kasu eginez, umeek etxean berrogeialdia egin beharko zutela adierazi zigun hezitzaileak telefonoz.
Egun batetik bestera halako agindu bat jasotzeak sortu ditzakeen nahasmenaren, kezken eta beldurren jakitun izanik, hezitzailearentzat zaila izango zen dei hori egitea; are gogorragoa, haur eta gurasoekiko goxotasun eta bokazio ikaragarriarekin, lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen den langilearentzat; nekezagoa oraindik ere, enegarren aldiz lan baldintza duinen aldeko borrokan jardun badu.
Haurra bake-bakean lo dagoenean “irla ttipia” dela esaten du Sylvia Plathek amatasunari buruzko Hiru emakume poeman. Haur eskolan egiten dituen orduetan ere halatsu ikusten dut nik alaba, gauza onak ikasten eta bizitzen dituen aparteko tokian.