Orion eta Aian ez da positiborik izan ostiraletik igandera bitartean egindako frogetan

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 24a, 14:10

16,31 da Orioko tasa gaur gaurkoz, eta herria eremu berdean sartu da. Aiari dagokionez, 50,38ko tasa du. Orokorrean, kutsatzeen kurbak behera egiten jarraitzen du eskualdean.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta joan zen asteburuarekin alderatuta, dezente jaitsi dira kasuak. Orio eta Aiari dagokionez, ez da positiborik izan, eta bi herrietako intzidentzia tasak oso apalak dira: 16,31 eta 50,38, hurrenez hurren.

Guztira, 26 positibo berri atzeman dituzte Urola Kostako herrietan azken hiru egunetan —joan zen asteburuan 79 izan ziren—, eta kasu horien erdiak  Zarautzen izan dira, hamahiru kutsatzerekin; ostiralean bat, larunbatean hiru eta atzo bederatzi.  Edonola ere, Urola Kostako herririk handienean nabarmen egin du behera 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 214,16koa da; oraingoz eremu horian dago.

Zarautzen ondoren, Azkoitian eta Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien, seina kasurekin. Azkoitian, lau kasu hauteman zituzten ostiralean, larunbatean batere ere, eta atzo bi. Joan zen asteburuarekin alderatuta, Azkoitiko intzidentzia tasa ere beheraka hasi da, eta une honetan 500,71n kokatu da, 350 puntu jaitsita  –851,21ekoa zen aurreko astelehenean–. Hala ere, eremu gorrian jarraitzen du. Azpeitian hautemandako sei kasuei dagokienez, bi ostiralean izan ziren, hiru larunbatean eta bat atzo, eta eremu laranjan jarraitzen du 302,23ko intzidentzia tasarekin. Azkenik, Zestoan kasu bat detektatu zuten larunbatean, eta bere positibotasun tasa 282,449koa da.

Gainerako herrietan ez da positibo kasurik izan asteburu osoan, eta horren eragina izan du zalantzarik gabe intzidentzia tasa metatuan ere. Orio, esaterako, eremu berdean sartu da, eta bere tasa 16,31koa da, eta Zumaia eremu horian dago, 193,34koarekin. Beste udalerriak inolako eremu kritikotan ez zeuden arren, beraien intzidentzia tasak ere nabarmen egin dute hobera: Aian 50,38koa da, Aizarnazabalen 130,04koa, Getarian 106,01koa eta Errezil 1127,21. Beizaman intzidentzia tasarik gabe jarraitzen dute.

Hego Euskal Herrian, hobera

Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian kutsatzeek beherantz egin dute. Lau lurraldeetan, guztira, 6.345 PCR eta antigeno egin zituzten atzo, eta horietatik 288 izan ziren positiboak.  Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien (125), eta ondoren, Gipuzkoan (88), Nafarroan (47) eta Araban (25). Positibotasun tasari dagokionez, %4,6 izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,2 Nafarroan.

Ospitaletako egoerak ere nabarmen egin du hobera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, guztira, 214 pertsona daude COVID-19 gaitzagatik, eta ZIUetan, 124. Nafarroako Gobernuak ez du oraindik eman ospitaleratzeei buruzko datu eguneraturik..

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide