«Taldeak oso ondo hartu gaitu eta ikasteko prest gaude»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko api. 28a, 10:09

Sara Loidi da Orioko Bate Bizkorrak taldearekin Espainiako Ohorezko Softbol Ligan jokatzeari ekin dion kadete mailako jokalarietako bat. Azken hilabetean zelaian bizitako esperientzia izan du hizpide gazteak KARKARArekin 

SARA LOIDI - Sofbol jokalaria
Noiz hasi zinen softbolean jokatzen?
Lehen Hezkuntzako 5. mailan hasi nintzen softbolean jokatzen. Lagun batek proposatu zidan probatzea eta, hasiera batean, ondo pasatzeko asmoz joaten nintzen, giro ederra izaten genuelako entrenamenduetan. Pixkanaka kirola ikasten joan gara, eta azken urtean serioago entrenatzen hasi gara. 

Zer moduzko esperientzia izan da Espainiako Ohorezko Softbol Ligan debuta egitea?
Oso gustura gaude. Taldeak oso ondo hartu gaitu, eta ikasteko eta hobetzeko prest gaude. Egia esan, kirolari bezala hazteko aukera bikaina da maila horretan jokatzea. Gainera, taldekideak  erakusteko gogoz daude, eta eskertzen diegu  ahalegina.

Partidak gogorrak izaten al dira?
Aurkarien maila oso altua da, eta antzematen da eskarmentu handiko jokalariak direla gehienak. Aurreko urteetan talde nagusiaren partidak ikustera joaten ginen, baina oso bestelakoa da zelaian egotea eta partidan parte hartzea. Orain arte, esaterako, gure adinekoen aurka jokatu izan dugu beti, baina orain gu baino askoz esperientzia gehiago duten jokalarien aurka aritzen gara, eta horrek beldur pixka bat ematen du hasieran. Entrenatzaileak gutako norbait zelaira ateratzen duenean, ordea, taldearen babesa sentitzen dugu. Badakigu taldea ondoan dugula, beti animatzen aritzen baitira. Huts egiteko beldurra ere izaten dugu batzuetan, baina hori gertatzen bada, oraindik eta ozenago animatzen gaituzte, kale eginez gero ezer ez dela gertatzen adieraziz. 

Kirol arloaz gain, bidaiatzeko aukera ere baduzu ohorezko mailan jokatuta. Zer moduzkoa da nagusiagoekin elkarbizitza bidaia horietan?
Oso aberasgarria da guretzat. Esperientzia handiko jokalariak dira gure taldekideak eta beti laguntzeko prest egoten dira. Gainera, bidaiatzeak balio du elkar hobeto ezagutzeko eta talde izaera sendotzeko ere; ederki pasatzen dugu elkarrekin. Ni neu oso gustura nago, eta softbolean jarraitu nahi nuke etorkizunean ere.

Erlazionatuak

Etorkizuneko taldea errotuz

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021 api 28 Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide