Etorkizuneko taldea errotuz

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 28a, 10:05

Urtebetez softbol partidak jokatu gabe egon eta gero, gogoz eta indarrez gainezka abiatu du denboraldia OBBk. Helburuak argi dituzte jokalariek: «Gazteei esperientzia hartzeko aukera ematea eta talde bezala haztea».

Urtebeteko etenaren ostean, martxoaren 28an abiatu zuen denboraldia Orioko Bate Bizkorrak softbol taldeak. Klub txikia izanagatik, Espainiako Ohorezko Softbol Ligan urteak daramatza, Espainiako eta Herrialde Katalanetako talde indartsuenen aurka jokatzen. Gainontzekoen aldean, ordea, denboraldi hasiera hau desberdina izan da. «Aitortu behar dugu erritmoa hartzea kostatzen ari zaigula, baina ez da urtebete jokatu gabe egon garelako bakarrik. Beste taldeek 2020 denboraldian liga jokatzeko aukera izan zuten, baina guk ez jokatzea erabaki genuen: batetik, Euskal Herrian  izurritearen egoera ez zelako batere ona; eta bestetik, gure zelaia itxita egon zelako denbora luzez», azaldu du Ainara Larraza OBBko kideak.
Beste hainbat kirolarik itxialdi garaian egin bezala, jokalari bakoitza norbere kabuz entrenatzen aritu zen pasa den denboraldi osoan zehar, eta hutsune hori antzematen dute orain. «Gure kirola oso teknikoa da, eta taldean entrenatzen ez bada, oso zaila da mailari eustea. Horregatik, etenaldia asko nabaritzen ari gara zelaian».

Harrobia
OBBko harrobiko gazte dezente ere mailaz igo dira aurten, eta «talde izaera» lortzea OBBrentzat erronka dela uste du Larrazak. «Hamahiru senior gaude taldean, eta guretzat harrobia lantzea oso garrantzitsua izan da beti. Hala, ikusten dugunean goi mailan jokatzeko gogoz dauden jokalari gazteak ditugula, aukera ematen diegu. Horretarako, ez dugu kontutan hartzen kirol maila bakarrik, ulertzen dugulako kirol honetan mundu guztiak duela bere tokia. Guk baloratzen duguna da ikasteko eta talde lanean aritzeko gogoa», azaldu du. Gaur egun, esaterako, zazpi gazte ari dira esperientzia hartzen talde nagusiarekin; horien artean daude Sara Loidi, Aroa Faro, June Sanchez eta Maddi Orzaiz oriotarrak; «lan bikaina egiten eta hobetzen» ari direla nabarmendu du Larrazak. «Esperientzia falta zaie oraindik, eta normala da, ulertzen dugu. Hain zuzen ere, eskarmentua hartzen joan daitezen ematen diegu goi mailan jokatzeko aukera», argitu du. 

OBBko kideek jakin badakite  Espainiako Ohorezko Softbol Liga «oso exigentea» dela, baina uste dute partida zailak jokatzeak esperientzia hartzeko balioko diela jokalari gazteei, «teknika hobetzeko, presioarekin jokatzen ikasteko, baita talde giroa lantzeko eta bizitzeko ere». 

Horrez gain, bidaiatzeko aukera ere eskaintzen diete: «Ez gara talde diruduna, baina hamalau jokalariko taldeak bidaiatzen du bi astetik behin, eta gazteak ere kontuan hartzen ditugu deialdia egiterakoan. Hori motibazioa izaten da jokalari gazteentzat, ikusten dutelako Espainiar estatuko liga indartsu batean aritzeko eta kirolari bezala aurrera egiteko aukera ematen diela». 

«Ziklo berria»
Orain, etorkizuneko taldea eratzen ari direla sentitzen dute OBBko kideek, eta «talde bezala haztea» dute helburu aurtengo denboraldian. «Talde guztiek zikloak izaten dituzte, eta guk orain ziklo berri bat abiatu dugu. Gazteei denbora, esperientzia eta partidak jokatzeko aukera eman behar dizkiegu jokalari bezala haz daitezen, eta horretan ari gara». Dena dela, emaitzetan hobekuntza ere lortu nahi dute ligan zehar. «Falta zaiguna da urratsa aurrera eman eta partidak irabaztea, norgehiagoka asko puntu bateko aldeagatik galtzen ari baikara». 

Egoera «konplexua» da, baina badakite «trantsizio urtea» dela eta denbora behar dutela taldea sendotzeko. «Uste dut, bi-hiru urteren buruan, sailkapenaren lehen lau postuetan aritzeko moduan izango garela, talde indartsua sortzen ari baikara». Bien bitartean, aurtengo denboraldian, sailkapenaren erdialdean bukatu nahi lukete liga OBBko kideek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide