Kantukolore taldeak 'Ametsen urtebetetzea' haurrentzako ikuskizuna egingo du Karelan apirilaren 25ean, igandearekin. Orioko Udalak azaldu duenez, Kantukolore taldekoek eskoletan landu nahi izango lituzketen abestiak sortzen dituzte. Haurrek musikaren bitartez ikasten dutela baliatuz, eduki jakin batzuk barneratzeko kantak proposatzen dituzte; abesti didaktikoak, gaur egungo gaiei buruzkoak. Musika eta dantzaren bidez lortzen dute umeekin komunikatzea.
Ekitaldirako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, eta 10 euroko prezioa izango dute. Aforo mugen ondorioz, Orioko Udalak 220 sarrera jarriko ditu salgai, eta datorren astelehenetik egongo dira eskuragai kultur etxean. Pertsonako bi erosteko aukera izango da gehienez.
Ametsen urtebetetzea
Hau da 'Ametsen urtebetetzea' ikuskizunaren sinopsia:
Ametsen urtebetetze-eguna da eta bere lagunek ezusteko festa bat prestatu diote. Amets bere urtebetetzea ahaztu dutelakoan dago, baina azkenean berak emango die lagunei ezusteko galanta…
Taldearen lehen filmean oinarrituta, ikuskizunak zuzeneko musika du eta dibertitzeaz gain, hainbat balore lantzen ditu: solidaritatea, adiskidetasuna, besteenganako errespetua…