Apirilaren 24an, larunbatarekin, egingo du Orio Arraunketa Elkarteak ohiko batzar nagusia Arraunetxen, 10:30ean. 2020ko martxoan egitekoak ziren batzar hori, baina COVID-19 birusaren agerpenagatik bertan behera gelditu zen, eta orain egingo dute, nahiz eta oraindik murrizketa batzuk kontuan hartu beharko dituzten bilkura egin ahal izateko.
Elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, gehienez 70 bazkidek parte hartu ahal izango dute batzarrean. Horregatik, derrigorrezkoa izango da gonbita edukitzea, eta hori Kultur Etxean jaso beharko da, bihartik aurrera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era bitartean.
Batzarreko gaiak
Batzar nagusian ondorengo zazpi puntu hauek izango dituzte aztergai:
- Zuzendaritza berriaren aurkezpena (2019ko irailaren 16an onartu zena)
- Azken batzarreko aktaren irakurketa eta onespena
- 2020ko denboraldiari buruzko arraunketa emaitzak
- 2020ko balantze ekonomikoa
- 2021eko aurrekontua
- Proiektua: non gaude eta nora goaz
- Eskari-galderak