Orioko Udalak oharrean nabarmendu duenez, azken urteotan ostatu-mota berriak sortu eta indartu dira, bereziki erabilera turistikoko etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako logelak. "Sortu diren plataforma digital berriei esker, partikularrek aukera eta modu erraza dute beren etxebizitzak eta logelak turistei alokatzeko", azaldu dute.
Ostatu hartzeko modu berri horien eragina nabaria da kostaldean, udalaren iritziz, eta Orion ere bai. Gaur atera duten oharraren bidez, dei egin diete etxebizitza turistikoen jabeei, indarrean dauden arauak errespetatu ditzaten, bizilagunen eta bisitarien arteko bizikidetza baketsua bermatzeko.
Hauek dira, besteak beste, erabilera turistikoko etxebizitzek eta logelek bete beharreko neurriak:
- Euskadiko turismo-enpresen eta jardueren erregistroan izena eman behar dute, eta horko erregistro-zenbakia erabili behar dute sustapen eta komertzializazio ekintza guztietan.
- Kartela: ostatuek ikur identifikatzaile ofiziala jarri behar dute eraikinaren kanpoaldean, guztien bistan.
- Herritarren segurtasunaren alorreko betebehar batzuk dituzte: bezeroen sarrera-irteeren erregistroa izan behar dute eta, bestalde, horren informazioa bidali behar diete agintariei.
- Edukiera: Hiru pertsona edo gehiagorentzako etxebizitza batek pertsonako 15 metro karratu izan behar ditu gutxienez.
- Erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute: plaza bakoitzeko 35.000 eurokoa.
- Segurtasun-elementuak izan behar ditu instalatuta: su-itzalgailua, larrialdiko irteerako planoak, lehen laguntzetarako botika-kutxa…
Eusko Jaurlaritzak iruzurraren aurkako postontzi bat jarri du herritarren eskura. Horren bidez, edozein herritarrek dauka aukera, era anonimoan, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailari jakinarazteko zein irregulartasun eta arau-hauste nabaritu dituen: