Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako parapente txapelketa Orion bukatu zen igandean

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 31a, 12:01

Argazkia: Iker Aiertza

Osasun neurrien ondorioz, parte hatzaileek ezin izan dute ohiko Liga Norten lehiatu, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan antolatu du txapelketa Euskadiko Aire Kirol Federazioak. Igandeko jardunaldia Hernion hasi zuten, eta Orion bukatu.

Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatuta, Arabako parapente txapelketa jokatu zen lehengo asteburuan. Larunbateko jardunaldia Araban egin zen, eta igandekoa Gipuzkoan, baldintza meteorologikoek —haizeak eta termikak, zehazki— hala behartuta. Herniotik atera ziren parte hartzaileak, eta Orion lur hartuta bukatu zuten txapelketa. Antolakuntzak adierazi duenez, parapentearekin lehian ibiltzen direnek ezin izan dute ohiko Liga Nortera joan, indarrean diren neurri murriztaileen ondorioz, eta horregatik erabaki dute lehiaketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egitea. Lurralde bakoitzean astebururo txapelketa bat egiteko asmoa dute, beti ere, baldintza klimatikoen arabera.

Lehengo asteburuan Zarauzko, Azpeitiko eta Errezilgo parte hartzaileak ere izan ziren lehian, eta horietatik bi, aurreneko postuetan daude sailkatuta sailkapen orokorrean. Iñigo Egaña eta Jon Arruti zarauztarrak bigarren eta hirugarren postuetan daude sailkatuta, hurrenez hurren. Iñaki Lazkano azpeitiarren bosgarren da, Ander Laza azpeitiarra hamabigarren, Iker Aiertza zarauztarra hamaseigarren, Mikel Luengo azpeitiarra hogeita batgarren, eta Andeka Egiguren errezildarra hogeita hirugarren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide