Bi urre, zilarra eta brontzea lortu dituzte Orioko korrikalariek Euskadiko atletismo txapelketan

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 30a, 11:45

Xabat Elortza ezkerraldean, podiumeko bigarren postuan.

Asteburuan Barakaldon jokatu zen Euskadiko atletismo txapelketa, aire zabalean, eta Orioko Atletismo Taldeko kideen emaitzak bikainak izan ziren.

Gustura dira Orioko Atletismo Taldeko kideak Euskadiko txapelketan lortutako emaitzekin. Izan ere, bi urre, zilarra eta brontzea lortu zituzten larunbatean Barakaldon egindako jardunaldian. 400 metroko pistan egin zen txapelketan, aire zabalean.

Bi urreak Iñigo Expositorentzat eta Martin Iriondorentzat izan ziren. Expositok senior mailako 10.000 metroko proban egin zuen korrika, B seriean, eta 34:13:34 denborarekin lortu zuen garaipena. Iriondoren kasuan, 18 urtez azpikoen kategorian lehiatu zen 3.000 metroko proban, eta 09:37:55 denbora eginda irabazi zuen lasterketa. Lasterketa berean, Sunahi Huegun bosgarren izan zen —09:49:43— eta Nizar Ziani seigarren —09:50:84—.

Xabat Elortzak zilarra eskuratu zuen 18 urtez azpiko 5.000 metroko proban, 16:45:37 denborarekin, eta senior mailan, Jokin Bellido hirugarren izan zen A seriean, 10.000 metro 32:04:80 eginda.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide