Udalak parte hartze prozesua jarri du martxan zabalgune eta plaza batzuen izena erabakitzeko

Karkara 2021ko mar. 28a, 09:00

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko, eta apirilaren 15a izango da horretarako azken eguna.

Herriko zabalgune eta plaza batzuek ez dute izen propiorik, eta udalak azaldu duenez, izendatu egin nahi dituzte. Horretarako, parte hartze prozesu bat abiatu dute, eta hiru fase izango ditu:

  • 1. fasean, herritarren proposamenak jasoko dira web-orrialde honen bidez.
  • 2. fasean, Udaleko Obra eta zerbitzuetako batzordeak aztertuko ditu proposatutako izenak.
  • 3. fasean, toki jakin batzuetan proposamen egoki bat baino gehiago baldin badago, udalak galdeketa ireki bat egin dezake dauden aukeren artean erabakitzeko.

Lehen fasea: herritarren proposamenak jasotzea

Proposamenak aurkeztu nahi dituzten herritarrek web-orrialde honen bidez egin behar dute.

Mapan zenbaki banarekin markatuta daude izendatu behar diren plaza eta zabalguneak; proposamena egiteko, klik egin gainean eta leiho bat zabalduko da aukera ematen duena proposamena idazteko. Toki bakoitzerako proposamen bakarra egin daiteke. Ez dira, nahitaez, toki guztientzako proposamenak egin behar.

Ordenagailu bakoitzetik (IP bakoitzetik) proposamen bakarra bidali daiteke eta, proposamena bidaltzerakoan, izena eta e-maila adierazi behar dira.

Proposamenak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta azken eguna apirilaren 15a izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide