Urtero bezala, lore eskaintza egin diote senitartekoek eta alderdikideek Orioko hilerrian Juan Priede zenari. Orioko Udaleko PSE-EEko zinegotzia zenean hil egin zuen ETAk, gaur 19 urte. Herriko taberna batean kafea hartzen ari zenean hil zuten, tiroz. 69 urte zituen.
Hura oroitzeko ekitaldia hilerrian bertan egin dute, Priederen hilobiaren aurrean. Han izan dira haren seme-alabak, tartean udalean alderdi horretako zinegotzi den Ana Priede. Ondoan izan dituzte PSE-EEko aurpegi ezagun asko, besteak beste Idoia Mendia idazkari nagusia, Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia eta Jesus Egiguren alderdiko presidente ohia.
Zarauzko PSE-EEko zinegotziak ere han izan dira; Gloria Vazquez eta Patxi Elola. Baita Gorka Landaburu kazetari zarauztarra ere.
Eneko Anduezak hilerrira sartu aurretik nahiz hilerrian bertan hartu du hitza. Priederen gizatasuna goraipatu du, eta esan du "alderdiaz harro" sentituko litzatekeela, "hainbeste zarata eta eskandalu dagoen unean, alderdi sozialista lasaitasunaren eta egonkortasunaren eredu da, eta balio horiek oso ondo ordezkatzen zituen Juanek". Priederen alaba ere izan du hizpide: "Oso harro egongo litzateke ikusita bere alaba Anak nola jarraitzen duen bere bidea Orioko udaletxean, herritarrekiko konpromisoa erakutsiz; konpromiso horrek bultzatu zuen Juan ere politikagintzara. Balio sozialistak defendatzeko eta inguruko herritarren bizitzak hobetzeko, eta horrexegatik hil zuten; sozialista izateagatik eta umiltasunetik bere onena eskaintzen zuelako ingurukoen bizitza hobetzeko".
Anduezak azpimarratu nahi izan du, era berean, hamar urte badira ETA desagertuta dagoela, hori "bi gobernu sozialista egon zirelako" izan dela, "gobernu horiek bakea ekartzearen aldeko apustua egin zutelako". "Ezker abertzaleak politika egitea erabaki bazuen, hori izan zen demokraziak irabazi zuelako", esan du, erreferentzia eginez gaur medioetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak egindako adierazpen batzuei.
Omenaldia amaitzeko Internazionala abestu dute hilerrian bildutakoek.