Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu du pandemiaren egoerari buruzko txostena, eta han jakitera eman duenez, Orion lau kasu berri baieztatu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Hain zuzen, hiru positibo izan ziren ostiraleko PCR eta antigeno probetan, bakarra larunbatekoetan eta bat ere ez atzokoetan. Hala, 130,46koa da tasa herrian gaur gaurkoz. Aiari dagokionez, azken egunotan ez da positiborik izan.
Urola Kosta eskualdean guztira 22 kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak asteburuan. Joan den astelehenean Jaurlaritzak emandako datua baino zerbait apalagoa da gaur emandakoa; izan ere, martxoaren 1ean jakinarazi zuen 23 lagunek eman zutela positibo. Eskualdean, larunbatean zenbatu zituzten kasu gehien: hamar. Atzo, igandea, zazpi kasu atzeman zituzten eta bost kasu ostiralean egindako probetan.
Eskualdeko herrien artean Zarautzen zenbatu dituzte kasu positibo gehien asteburuan, sei. Hiruna kasu atzeman dituzte Azpeitian eta Zestoan. Azpeitian kasu bakarra zenbatu zuten zapatuan eta bi atzo, igandea. Intzidentzia tasak nabarmen egin du behera Azpeitian, eta 151,12an kokatu da. Zestoan, berriz, kasu bat detektatu zuten ostiralean eta bi larunbatean. Eskualdeko intzidentzia tasa altuena dute Zestoan; ostiraletik behera eginda, 539,29koa da gaur-gaurkoz.
Azkoitian eta Zumaian, bestalde, bina kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Zapatuan eta atzo kasu bana zenbatu zituen Osasun Sailak Azkoitian, eta intzidentzia tasa 83,45ekoa da gaur-gaurkoz. Zumaian, berriz, bana atzeman zuten larunbatean eta igandean. Kasu metatuen tasak, gainera, gora egin du han, eta 111,94koa da orain. Aizarnazabalen eta Errezilen ere zenbatu dituzte positiboak; kasu bana baieztatu dute herri bakoitzean, bietan larunbatean. Zumaian bezala, Aizarnazabalen eta Errezilen ere gora egin du intzidentzia tasak, eta 260,08an eta 322,06an kokatu dira, hurrenez hurren. Beizaman eta Getarian, aldiz, ez dute kasu positiborik hauteman.
Jaurlaritzak, gainera, utzi egingo dio 500eko intzidentzia tasa neurgailu gisa erabiltzeari; halere, datua ematen jarraitzen du erakundeak. Orain arte, kopuru hori hartzen zuen erreferentziatzat zenbait herritan neurri are murriztaileagoak ezartzeko. Ondorioz, 500eko muga gainditzen zuten udalerrietan, taldeko kirola eta eskola kirola debekatu egiten zituen, eta orain dela gutxira arte ostalaritza guneek ere ateak itxi behar izaten zituzten. Aurrerantzean, ordea, Jaurlaritzak ez du erabiliko neurgailu hori, ez duelako beharrezko ikusten. Izan ere, uneotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako hiru udalerrik bakarrik gainditzen dute 500eko intzidentzia tasa
300 positiboen azpitik
Atzo, igandean, 261 kasu positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.125 test egin zituzten, eta 214 positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasa, beraz, %4,2koa izan zen atzo hiru lurralde horietan. Lurraldeka aztertuta, 116 positibo hauteman zituzten Bizkaian, 64 Gipuzkoan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi laguni ere positiboa detektatu zioten. Nafarroan, berriz, 989 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta 47 kasu positibo atzeman zituzten; positibotasun tasa %4,8an kokatu da.
Ospitaleei dagokionean, 262 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; atzo 24 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Horrez gain, Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn, 118 pertsona daude. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 0,91koa da.