Atzo, igandearekin, goizeko bederatzietan hasi zituzten estropadak errioan. Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak aritu ziren aulki mugikorrean lehian, eta aspaldiko partez, estropadez gozatzeko aukera izan zen ibaian.
Orio Arraunketa Elkarteak 15 ontzi uretaratu zituen atzoko jardunaldian, eta zazpik podiumean sartzea lortu zuten. Horietatik bi garaipenak izan ziren —kadete mailako neska-mutilek lortutakoak—, hiru bigarren postuak eta bi hirugarren postuak. Atzoko sailkapen guztiak ikusteko, egin klik hemen.
Bestalde, Banyolesen Udaberriko Irekia estropada egin zen larunbatean. Imanol Garmendiak eta Jon Carazok osatutako bikoteak brontzezko domina lortu zuen, lemazainik gabeko biko modalitatean. Hala, apirilean Italian egingo den Europako Txapelketa jokatzeko aukera izango dute Orio AEko bi estropalariek.
Argazkiak: Joxemari Olasagasti